Ye-yea 60ko hamarkadan Estatu Frantziarrean eta Espainiarrean sortutako pop estiloa izan zen. France Gall edo Karina bezalako neskatxa (orduan) gazteak ziren estilo honen jarraitzaileak eta jarrera naïve baten atzean ezkutatutako sentsualitatea zen euren ezaugarri nagusiena. Berrogei urte geroago, ye-ye estiloa berpiztu nahi du Hendaiako The Sparteens taldeak eta pop eta rock estiloko abesti ezagunak gisa honetara moldatuta aurkezteko erronkari heldu dio.
Estetikari eta kontzeptuari garrantzi berezia ematen dio The Sparteens laukoteak eta single bakoitzarekin beti dator sorpresaren bat gainera; dela txokolate beroa, dela piruleta bat edo dela eurekin kantatzeko aukera emango dizun baba ezkuturen bat.